XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Non topatzen dituzu bezeroak? Kalean?

- Ez, kalea arriskutsuegia da, ni hementxe aritzen naiz, jatetxean edo ostatuan.

Ziurragoa da. Kalean aisa harrapa gaitzake poliziak.

Noizbehinka sekulako sarekadak egiten ditu.

Mutu gelditu gara.

Ahoa irekita ere ez litzaidake hitzik aterako.

Ttikiri begiratu eta bera ere ni bezalatsu ikusi dut.

Hariren hitz jarioak ez digu, ordea, zer esan pentsatzeko betarik eman.

- Merkatu beltzean prostituzioak toki aparta du.

Txirotasunaren barruan beti emakumea tokirik oiherrenean dago.

Urtero, 5.000 neskato eramaten dituzte Indiako putetxetara prostituzioan aritzeko.

Gaur egun, Indiako putetxetan, Nepaleko 100.000 neska eta emakume dagoela baieztatzen da.

- Nola da posible hori?

- Nepaliarrak, mendialdeko nepaliarrak bereziki, antza, emakume exotikotzat jotzen dituzte Indiako hirietan.

Gehienak, ziria sartuz eramaten dituzte, lan duin eta bizitza hobearen agindupean.

Prostituzio sareen arduradunak zuzenean joan ohi dira neskato gazteen bila, gurasoei, gezurrezko esamesak medio neskatoak erosteko.

- Eta gurasoek ez al dute ezer susmatzen?

- Sarritan, azpijoko baten aurrean daudela badakite, baina aita edo anaiak saldu ohi ditu alaba edo arrebak, hirian topatutako jaunen batek egindako diru eskaintza handiak itsututa.

Lehen ere esan dizuet arras txiroa dela Nepal.

Mendialdean, gainera, familiak oso handiak dira, haur jaiotza tasa ikaragarria da eta ezin dituzte haur guztiak hazi.

Beraz, alaba saltzea errentagarria zaie.

Alfonbra lantegietara eramaten dituzte maiz, eta handik putetxeetara.

Ia guztiak desagertu egiten dira betirako.

- Desagertu?